XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arantxa HIRIGOYEN

HARRIETEN HIZTEGIA ETA EUSKALKIAK

Tesi lan gisa prestatzen ari naizen ikerlanak, Maurice Harriet (1814-1904) haltsuarrak bere eskuz landu zuen euskara-frantsesa hiztegi argitaratugabea du aztergai.

Harriet deitura aipatzen delarik, Martin Harriet gramatikalariari, bere aitatxi zenari hain xuxen, pentsatzen du jende frankok.

Hemen aldiz, mende hastapen huntan zendu den hiztegigile lapurtar batez mintzo naiz.

Ene iduriko, Maurice Harriet haltsuar apezak ez du oroitzapen handirik utzi gure artean, isilpean joan zaigu.

Alta, 3536 hosto dituen hiztegi oso bat utzi digu ondare gisa.

Bere bizitzako azken 30 urteak euskara-frantsesa hiztegiaren eraikitzen iragan omen zituen Harrietek.

Ikaragarriko lan honek ez ote luke oihartzun gehiago merezi ?

Egia da, hiztegi baten baliogarritasuna eta ekarpena neurtzea zaila dela, bainan halaere hiztegi hortaz baditeke zer erran eta zer iker.

Zendako ez ote da sekulan argitaratu? Maurice Harrietek bere iturri garbiak ukan ditu, bainan azpimarra dezagun ere, haltsuar hiztegigilea bera ere, iturri gisa erabilia izan dela.

Mende huntako zenbait hiztegigileen hiztegietako iturrien zerrendan agertzen baita haltsuarraren lana : R.M. Azkue, P. Lhande, K. Mitxelenaren lanetan adibidez.

Artikulu hunen xedea bikoitza da.

Batetik hiztegiaren azala edo itxura ikertuko dugu, ezaugarri nagusiak aipatuz.

Bigarrenik, aldiz, hiztegiaren mamian sartuko gara, eta atal berezi batetaz solas eginen dugu.

Euskara-frantsesa hiztegia izanik, ikusiko dugu zer-nolako garrantzia eta lekua duten euskalkiek hiztegian.

Iduritzen zait azala eta mamia bi hitz hauek laburbiltzen dutela haltsuarraren hiztegia.

Azala, erabil nezake hiztegi horrek duen itxurarengatik. 3.536 orriko hiztegi batek, kanpotik bederen, bada zer aipa.

Ez da edozein hiztegi arrunt, itxuraz hasteko.

Hiztegiaz bertzalde ohartarazi nahi nuke oharren liburuxka bat ere aurkitzen dela, Cahier de notes izenburupean.

50 orri baino gehiagoz osatua den kaier bat da.

Delako oharren liburuxka horretan orden alfabetiko batean sailkatuak dira orriak A letratik Z letraraino.

Hitzak zerrendatuak dira bat bertzearen gibeletik eta sarrera hitzaren ondotik gehienetan sinonimo bat ematen du Harrietek edo frantsesezko itzulpena agertzen da.

Liburuxka horretan ez du xehetasun handirik ematen.

Gainera behin baino gehiagotan berriz hasten du orden alfabetikoa bertze hitz zerrenda batekin.

Bi gogoeta heldu zaizkit burura idazki berri horri so eginez : edo eranskin gisa nahi izan zuen erabili kaier hau haltsuarrak, edo hiztegia egiten ari zuen heinean, ondoan, delako liburuxka horretan, ahanzten zituen hitzak markatzen zituen.

Bertzalde, Harrietek berak eskuz idatzi bibliografia baten zerrenda bada, bai eta idazmakinaz izkiariatu kopia bat ere; azken hau, hain segur ere, Lhanden hiztegia prestatzen ari zirenen garaikoa dateke.